HASIERAKO JARDUNALDIAK

Beste urte batez, urriaren lehen hamabostaldian, IKASENPRESA programari hasiera eman zitzaion ikasturte hasierako jardunaldien bidez. Guztira 14 kongresu ospatu dira Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe desberdinetan eta ziklo desberdinetako 450 ikasletik gora parte hartu dute.

Jardunaldi hauen helburua ikasleen ekimen sortzailea garatzea eta sustatzea izan da, horretarako hainbat ekintza ezberdin aurrera eraman dira. Hau horrela, parte hartzaileek ekintzailetzarekin lotutako gaitasun desberdinak lantzea bilatu da; oztopoei aurre egitea, konfidantza sustatzea… besteak beste.

Ikasturte honetan, Ikasenpresa bakoitzeko ordezkariek hartu dute parte jardunaldietan, bertan, gelan aurrez landutako erronka baten berri eman behar izan dute. Jardunaldian beste ikasleekin lortutako emaitzak partekatu dituzte, eta modu horretan, ateratako ondorioak eta lortutako ikasketak gelara helaraztea izan da azken xedea.

Ikasenpresa taldea osatzen dugunon nahia aurten ere ilusio berdinarekin lanean jarraitzea da. Taldea, urtetik urtera handitzen doa eta aurten 81 lanbide heziketako ikastetxek eta 5.000 ikasletik gora parte hartuko dute. Hurrengo hitzordua Ikasenpresako kongresuak izango dira, azaroaren azkeneko astean eta abenduko lehenengo astean ospatuko direlarik.